2008/06/17

Orrialde nagusira itzuli

Ategorrietako etxea, ATEGO.

Ategorrietako udal frontoiaren alboan dagoen etxe hau, XX. mende hasieran martxan jarri zen Uliako funikularraren estazioa izan zen. Ondoren, Ategorrietako Komun Publikoak izatera pasatu zen, urte askotan zehar funtzio hau bete zuelarik. Urteak igaro ahala, komun hauen erabilera jaisten joan zen, eraikina erdi abandonatuta geratu zen arte. Orduan, okupa etxea izatera pasa zen beste zenbait urtetan zehar.
70. hamarkada amaiera aldera, Donostiako udalak eraikinaren kudeaketa nolabait berreskuratu zuen, eta Euskal Herriko Giak (E.H.G.) elkartearen esku utzi zuen (Aratz taldea elkarte honen barnean dago), honen egoitza nagusi bilakatu zelarik, gaur egunera arte.


Ikusi mapa handiagoa

2006/11/21

Trebeak

Adar hau taldeko zaharrenek osatzen dute, 17-19 urte arteko gazteek. Beste adarretan ez bezala, ez dute monitore figurarik, soilik koordinatzaile pare bat. Bi urtean behin txandatuz joaten den lan-sistema du adar honek.
Urte batean, trebeak taldetik "bidali" egiten ditugu, eta beste elkarteren batean sartzeko betebeharra dute. Hala, talde eta elkarteen funtzionamendua barrutik ezagutzeko aukera dute, era independiente batean, beren talde propioan egoteak baldintzatu egingo bailituzte. Hala ere, geure taldetik jarraipen bat ematen zaie, horretarako koordinatzaileen figura.
Hurrengo urtean, trebeak geure taldean bertan monitoreon laguntzaile moduan aritzen dira lanean. Hiruihileko bakoitza adar desberdin batean (Koxkorrak, Oinarinak edota Azkarrak) ematen dute adar honetako monitoreei laguntzen, hauen lana zein den bertatik bertara ezagutzeko. Haurrekin egingo diren ekintzen prestaketa bileretan ere hartzen dute parte.

Hala ere, irteeratan eta kanpaldietan trebeek ez dute monitoreon laguntzaile paper hau betetzen, beste adarren moduan aritzen dira beren ekintza, tailer, jokoak... egiten. Ekintza guzti hauek trebeek beraiek prestatutakoak dira, ez monitore edo koordinatzaileek.

Azkarrak

Azkarren adarra 15-17 urte arteko gazteek osatzen dute. Adar honekin lan egiteko era, Enpresa izenekoaren bitartez da. Hau epe luzerako proiektu bat da, normalean kurtso osoa irauten duena. Kurtso hasieran erabakitzen dute azkarrek zein izango den urte horretan aurrera atera nahi duten enpresa, eta urtean zehar horretarako lanean aritzen dira, beren monitoreen laguntzarekin. Adibide moduan, hauek dira beste urteetan aurrera ateratako enpresak: Norjam-en (Ingalaterran) ospatutako nazioarteko eskaut kanpaldi batetara joatea, Andaluzia aldera joatea kanping batean egun batzuk pasatzera, pirineo aldean rafting, puenting, hidro-speed eta halako kirolak egitea... Hau guztia aurrera ateratzeko, urtean zehar dirua lortzeko ekintzak antolatzen dituzte, eta enpresaren bera planifikatu.

Adar honetan monitoreak laguntzaile gisa daude soilik, azkarrek erantzunkizun handia izaten dute.

Oinarinak

Oinarinen adarra 12-14 urte arteko haurrek osatzen dute. Adar honek Abentura deiturikoa aurrera eramanez funtzionatzen du. Abentura, epe ertaineko proiektu bat da, normalean 3 hilabetekoa. Hiruhileko hasieran oinarinek beraiek erabakitzen dute zein izango den abentura, eta hilabete horietan zehar hau aurrera ateratzeko lanean aritzen dira. Adibide moduan, beste urteetan egindako abenturak hauek izan dira: Santo Tomas eguneko lehiaketan parte hartzeko txorimalo bat egitea, zuzeneko irratsaio bat prestatu eta emititzea, Ategorrietan dugun lokala txukundu eta apaintzea, denon artean trineo bat eraikitzea...

Adar hau nahiko jolastia da, baino jada zenbait erantzunkizun ematen zaizkie haurrei, ikasten joan daitezen.

Koxkorrak

Koxkorren adarra 6-12 urte bitarteko haurrek osatzen dute. Beraiekin lan egiteko era joko eta tailerretan oinarritzen da batez ere, hauen bitartez gauzak ikastea erraza baita beraientzat. Gainera, beste adarrek bezala, zenbait betebehar eta erantzunkizun izaten dituzte irteeratan eta kanpaldian: materiala txukun mantentzea, mahaia jarri eta zerbitzea, ontziak garbitzea, erabiltzen ditugun etxeak txukun eta garbi uztea...

Adarraren funtzionamendua oso alaia eta dibertigarria da, eta oso dinamikoa aldi berean.

2006/11/20

Kanpaldia

Uztaileko bigarren hamabostaldian, kurtsoari amaiera emateko, motxilak, kanpin-dendak eta lo zakua hartu eta mendira goaz naturaz gozatzea!

15 egun elkarbizitzan eta elkarlanean igarotzen ditugu, ondo pasatzeko eta gozatzeko betiko asmoarekin. Hala nola, errekan bainatuz; denok elkarrekin gaubelak eginez; beisbol, futbol edo bestelako egundoko partiduak jokatuz; gitarra joaz; xomorroak bilatzen; filosofatzen; sukaldean arituaz; denak elkarrekin jaiki eta gosaltzen...

Naturan eta gure hiritik urrun egoteak ekintza desberdinak egiteko aukera ematen digu. Horrela, adibidez, adar bakoitzak motxila eta zakuak hartu eta bost egunetan zehar, ruta bat egiten du herriz herri, kanpaldiaren inguruko jendea, herriak, mendiak, bidexkak... ezagutzeko.

Kanpaldiari amaiera emateko, “ Talde Eguna” deritzana egiten dugu. Egun osoan zehar, talde guztiarentzat joko handi bat antolatzen dugu, adin guztietako haur eta gazteok elkarrekin primeran pasa dezagun, eta kanpaldiari agur esateko. Hurrengo egunean kanpa iristerakoan aurkitu bezain garbi eta txukuna (edo are gehiago) utzi eta etxerantz abiatzen gara, begietan malkoak ditugula.

Gabonak Zuretzat

Urtero, gabonak iristearekin batera, Donostiako Udalaren “Gabonak Zuretzat” programan hartzen dugu parte. Abenduaren 23an, 24an, 30ean eta 31an, arratsaldeetan Gros auzoko Okendo kultur etxean tailer eta jolas desberdinak antolatzen ditugu. Bertatik pasatzen den edozeinek har dezake parte, hau da, mundu guztiari dago zuzenduta.

Irteerak

Hiruhileko bakoitzean, talde osoa bat egin eta lau egun pasatzen ditugu elkarrekin. Gure inguruko herrietan badira ekintza hauetarako prestatutako etxe eta aterpetxeak, eta haietara joaten gara egun hauek pasatzera. Bertan, jolasak, tailerrak, gaubelak etab. egiten ditugu. Talde osoa, hau da, adin guztietako haurrak egoten gara elkar bizitzen eta ekintza asko denok elkarrekin egiten ditugu.

Urtean zehar

Larunbat arratsaldeak

Larunbat arratsaldetan bi orduz elkartzen gara haurrekin, Donostiako Boulevardean edo Ategorrietan daukagun lokalean, ekintza desberdinak egiteko. Ekintza horiek, adin tarte bakoitzari egokitutakoak dira; jolasak eta tailerrak egiten dira gehien bat txikienekin, eta nagusiagoak direnekin epe luzeagorako proiektuak egiten dira. Batzuekin zein besteekin, beti ongi pasatzen saiatzen gara, noski.


Ihauteriak

Ihauterien etorrerarekin batera, talde osoa Ategorrietan daukagun lokalean biltzen da, eta taldeetan banatuz, mozorroak prestatzen ditugu. Horiekin jolas edo antzerki bat egiten dugu talde guztiarentzat, eta ondoren merendola eder bat egiten dugu.


Irla Eguna

Kurtso eskolarraren bukaera aldera, ekaineko azkeneko asteetan, Santa Klara irlara egunpasa egiten dugu urtero. Uretan orduetan zehar jolasean egon, bazkaldu eta jolas dibertigarriak egiten ditugu talde osoak batera. Arratsaldean, leher eginda, itsasontzia hartu eta etxera goaz bueltan.